XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Terminologiaren alorrean batzuk eta besteok antzematen ditugun ajeak, hutsarteak eta okerbideak ez dira gehienetan, hitz gutxitan esanik, terminologiaren beraren esparrukoak.

Eta diagnostiko okerrarekin gabiltza guztiok, ondorioz, terminologi mailakoak ez diren kalte-problemok konpontzeko irtenbide nagusiak berriro terminologi mailan planteatuz: eskuan ebakia egin duenarentzat gehienok onartuko genuke, seguru asko, aspirina bat hartzea ez dela erremedio sendoena.

Hori bezain gogoz onartzeko prest egon behar genuke ordea, eta ez dut uste hala gaudenik, aspirina bat hartu ordez aspirina bi hartzea nekez izango dela benetako konponbidea, ez eta konponbide zertxobait hobea ere.

Denboraren tarteak eta gaiaren bestelakoak hesi-muga sendoak ezartzen baditu ere zinez komentzitua nago ni, eta Eneko Oregi ere alor honetan gogaide izango dudan esperantza osoa ez zait falta, problemaren azken iturria ez dela gerra aurrean, 1933 inguruan, Aitzol eta Lizardi aurrez aurre eta elkarren kontra jarri zituen euskera errez-aren auzigai hura bera baizik. (1)Horretaz argibide gehiago nahi lukeenak irakur beza astiro, ez bait du zer galdurik, Lizardiren Gure bideko mugarriak artikulu hura: ikus, orain, Lurdes Otaegik paraturiko X. Lizardi: kazetari-lanak (401-404 orr.). Donostia, Erein, 1987.

Gerra aurreko euskera errez-zaleen nahi eta ezin hura ez dabil batere urruti, azalari ez baina mamiari bagagozkio, gaurko beharretara moldatu nahian gabiltzan burolekto horri batzuk eta besteok eskatuko genizkiokeen ezaugarri jator, moderno-funtzional eta aldiberean normatiboak neurri egokian konbinatu beharrak sortzen dizkigun buru-hauste, tira-bira eta haserreetatik.

Orduko arrazoia, esan gabe doa, funtsean Lizardiren alde zegoela uste dut zin-zinez: berez behar du Billabonakoa, alegia, euskaraz taxuz jardungo duenak.

Gauzak euskara errazean, labur eta argi adierazten jakitea, bestela esan, ez da idea hori berori perpaus luze-korapilatuagoz, hitz tekniko-gihargabeez taxutzea baino errazagoa.

Mintzagaitasun minimoaz gainera beste zerbait gehiago behar da euskara erraz horretarako.

Eta plus hori ezin, gehienetan, terminologiazko errefinamendu hutsak eskain dezake.

III. 2. Konponbideak Administrazio-alorreko euskara teknikoa bere onera ekartzeko bide jakina proposatu digu Eneko Oregik, beste zenbait txostengilerekin batean: espezialitate-alor horretako modernizazio-lana hobetu eta areagotuko duen corpus planning-a.

Corpus planning hori status planning batekin loturik, harekin eskuz esku, egin beharraz txostenaren hasieran baieztapen argirik jaulki badu ere bigarren osagai hori iragaitzez baizik ez du ordea gero, konponbide konkretuak seinalatzerakoan, Oregik landu.

Nere iruzkin-oharrok bestek egindako lanaren balioztapenezko aipamen hutsean geratzea aukeran motx gelditzea litzatekeela uste izanik, osagai bi horiek elkar lotuz halako proposamen-zirriborro bat eskaintzen da ondoren.